2013/12/15

MOOC-en inguruko hausnarketa

Kurtsoarekin amaitzeko MOOC-ei buruzko hausnarketa txiki bat egingo dut. Aurreko asteko ariketa baten esan genuen bezala, MOOC bat irekia eta masiboa den kurtsoa da, interneten bidez egiten dena. MOOC baten funtzionamendua edozein kurtsoarenaren antzekoa da: epe jakin batean egiten da; ikasleek informazioa jaso, ulertu eta landu egin behar dute; lanak egin behar dituzte; eta irakasle batek edo batzuek lan horiek zuzendu eta kurtsoaren egitura kudeatzen dute. Baina kurtso mota jakin hauetan, gainera, ikasleek sarean konektatuta egiten dute lan: edozein momentutan eta edozein lekutan lan egin dezakete, eta egindako jarduerak konpartitu, komentatu eta haiei buruz hausnartu dezakete.

MOOC-ek abantaila asko dituzte ikaskuntza-prozesuari begira: ikasle bakoitzak bere erritmoa jarrai dezake ikasterakoan; testuak, bideoak eta material osagarriak behar duen guztietan izan ditzake eskura, eta jarduerak eguneko edozein momentutan egin ditzake. Bestalde, sare-lana oso aberasgarria da ikaste-irakaste prozesu batean; izan ere, ikasleak edozein momentutan jar daitezke kontaktuan beste ikasleekin edo irakasleekin, elkarren artean laguntzeko edota euren jakintzak konpartitzeko. Horretarako, oso eraginkorra da MOOC-ak sare sozialekin uztartzea, hauek komunikatzeko tresna oso eraginkorrak direlako.

Hala ere, kurtso mota honek zenbait desabantaila ere izan ditzake. Alde batetik, ikasleek aldez aurretik kurtsoa egiteko beharko duten denbora zenbatekoa den ez jakiteak, behin hasita alde batera uztea eragin dezake. Bestetik, erabiltzaile talde hain heterogeneo bati zuzenduta egoteak ikasleen maila oso desberdina izateko aukera ematen du, batzuentzat edukiak oso errazak eta besteentzat oso zailak izatea eragin dezakeena. Era berean, MOOC-ean parte hartzeko informatikako oinarrizko ezagutza batzuk behar direnez, erabiltzaile batzuek zailtasunak izan ditzakete kurtso hauetan parte hartzeko.

Laburbilduz, uste dut MOOC bat egitea ideia ona dela, kurtso hauek ikasteko eta komunikatzeko modu eraginkor bat ahalbidetzen dutelako. Dena den, MOOC-ak arrakastatsuak izateko, beharrezkoa da ikasleen ezaugarriak kontuan izatea, eta edukiak euren gaitasunetara egokitzea, kurtso masibo baten kasuan egitea zaila izan daitekeena.


Nire PLE-a eraikitzen

2013/12/08

Gehien erabiltzen ditudan tresnak

Laugarren asteko 2. jarduera honetan nire ikaskuntza prozesurako gehien erabiltzen ditudan web orrialdeak aurkeztuko ditut, nire PLE-aren zati bat osatzen dutenak. Hauek dira gehien erabiltzen ditudan tresnak:

Google da, zalantzarik gabe, nire ikaskuntza prozesuan gehien erabiltzen dudan tresna. Uste dut interneten dauden bilatzaileetatik potenteena dela, eta horrez gain oso erabilgarriak diren beste hainbat aplikazio eskaintzen ditu. Aipatzekoak dira, esate baterako, Gmail posta elektroniko zerbitzua; edo Scholar Google, ikaskuntza akademikora zuzendutako dokumentuak eskuratzeko bilatzailea. Hauez gain, asko erabiltzen dudan beste aplikazio bat Google Calendar da, nire egutegia antolatzeko eta edozein gailutan ikusteko aukera ematen duena.


Gaur egun Google-ena den webgune hau bideo digitalak konpartitzeko orrialderik famatuena da. Bertan gure bideoak igo ditzakegu edonork munduko edozein tokitik ikusi ahal izateko, eta era berean, besteek igotako bideo kopuru izugarri bat dugu eskura edozein momentutan ikusi ahal izateko. Uste dut tresna hau oso baliagarria dela gure ikaskuntza prozesuan, bideoen bidez informazio asko jaso ahal dugulako, eta modu erraz batean besteei zabaldu.


Fitxategiak interneten gordetzeko eta konpartitzeko aplikazioa dugu hau. Dropbox-en ditugun fitxategiak edozein tokitatik eta edozein gailua erabiliz eskura izan ditzakegu, eta momentuan bertan eraldatu ditzakegu. Oso tresna baliagarria da taldean lan egiteko, informazio guztia momentuan konpartitu eta erabiltzeko aukera ematen duelako.


Wikipedia sarean dagoen entziklopedia librea da, lankidetzaz sortua eta 250 hizkuntza baino gehiagotan zabaldua. Informazioa bilatzeko oso webgune interesgarria da, bertan ia edozein gairen inguruan informazio asko aurkitu dezakegulako. Batzuetan, bertan eskaintzen den informazio guztia ez da guztiz fidagarria, edozein erabiltzaile informazioa sortu eta moldatzeko gai delako; hala ere, uste dut bertan agertzen den informazio gehiena zuzena izaten dela, eta gure ikaskuntza prozesurako oso lagungarria dela.


Tresna hau orain dela gutxi ezagutzeko aukera izan dut, eta uste dut oso aplikazio gomendagarria dela. Prezi aurkezpenak modu dinamiko eta erakargarri batean egiteko aplikazioa da, dohainik eta webgunean bertan gure informazioa sortzeko aukera ematen duena. Erabiltzeko erraza da, eta aurkeztutako emaitzak ezin hobeak dira. Tresna honekin gure ideiak modu argi batean islatzeko eta ikusleen arreta gureganatzeko gai izango gara, eta sortutako aurkezpenak modu erraz batean konpartitu ditzakegu besteekin.

2013/11/28

PLE ezberdinak aztertzen

Oraingoan, aztertutako PLE desberdinetatik niretzat deigarrienak izan direnak aurkezten ditut:

2013/11/26

M-learning esperientzia praktikoa

Hemen ikus dezakezue m-learningarekin egindako esperientzia praktikoari buruzko aurkezpena, Prezi aplikazioaren bidez:

2013/11/12

Web 2.0 kontzeptu-mapa

Hona hemen hezkuntzarako web 2.0 aplikazioen kontzeptu mapa:

Podcast

"Moodle" plataformaren ezaugarriak aztertzen:

2011/11/04

Hezkuntzarako IKT katalogoa

Hona hemen eskolan erabiltzeko hainbat baliabide, gai desberdinen arabera antolaturik. (Gazteleraz dago).
Hezkuntzarako IKT katalogoa (baliabideak) [ Pantaila osoan ikusi]