2013/12/15

MOOC-en inguruko hausnarketa

Kurtsoarekin amaitzeko MOOC-ei buruzko hausnarketa txiki bat egingo dut. Aurreko asteko ariketa baten esan genuen bezala, MOOC bat irekia eta masiboa den kurtsoa da, interneten bidez egiten dena. MOOC baten funtzionamendua edozein kurtsoarenaren antzekoa da: epe jakin batean egiten da; ikasleek informazioa jaso, ulertu eta landu egin behar dute; lanak egin behar dituzte; eta irakasle batek edo batzuek lan horiek zuzendu eta kurtsoaren egitura kudeatzen dute. Baina kurtso mota jakin hauetan, gainera, ikasleek sarean konektatuta egiten dute lan: edozein momentutan eta edozein lekutan lan egin dezakete, eta egindako jarduerak konpartitu, komentatu eta haiei buruz hausnartu dezakete.

MOOC-ek abantaila asko dituzte ikaskuntza-prozesuari begira: ikasle bakoitzak bere erritmoa jarrai dezake ikasterakoan; testuak, bideoak eta material osagarriak behar duen guztietan izan ditzake eskura, eta jarduerak eguneko edozein momentutan egin ditzake. Bestalde, sare-lana oso aberasgarria da ikaste-irakaste prozesu batean; izan ere, ikasleak edozein momentutan jar daitezke kontaktuan beste ikasleekin edo irakasleekin, elkarren artean laguntzeko edota euren jakintzak konpartitzeko. Horretarako, oso eraginkorra da MOOC-ak sare sozialekin uztartzea, hauek komunikatzeko tresna oso eraginkorrak direlako.

Hala ere, kurtso mota honek zenbait desabantaila ere izan ditzake. Alde batetik, ikasleek aldez aurretik kurtsoa egiteko beharko duten denbora zenbatekoa den ez jakiteak, behin hasita alde batera uztea eragin dezake. Bestetik, erabiltzaile talde hain heterogeneo bati zuzenduta egoteak ikasleen maila oso desberdina izateko aukera ematen du, batzuentzat edukiak oso errazak eta besteentzat oso zailak izatea eragin dezakeena. Era berean, MOOC-ean parte hartzeko informatikako oinarrizko ezagutza batzuk behar direnez, erabiltzaile batzuek zailtasunak izan ditzakete kurtso hauetan parte hartzeko.

Laburbilduz, uste dut MOOC bat egitea ideia ona dela, kurtso hauek ikasteko eta komunikatzeko modu eraginkor bat ahalbidetzen dutelako. Dena den, MOOC-ak arrakastatsuak izateko, beharrezkoa da ikasleen ezaugarriak kontuan izatea, eta edukiak euren gaitasunetara egokitzea, kurtso masibo baten kasuan egitea zaila izan daitekeena.


No hay comentarios:

Publicar un comentario